XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta inguruetatik bila eta bila hasi ziren amona-bilobak.

Purra handik eta purra hemendik, trumoi beltzak maizago besterik ez zen han ageri.

Orduantxe gogoratu zitzaion andreari behin baino gehiagotan itzularazi zuela oilo tentel hura goiko bidetik, eta auskalo handik joana ez ote zen arratsalde hartan ere, eta, euri tantak sumatuta, enborren baten azpian gorapea bilatu edo.

Oraindik ez zuen etsi emakumeak, baina itxaropena itzaltzen zihoakion egunaren argiarekin batera.

Bidean gora abiatu dira, amona-bilobak, gazteak aurren eta zaharra, gaixoa, arrastaka ondotik, ahal zuen bezain agudo, hirurok ere larri, purra eta purra etengabe.

Errotabideko ataka baino lehenxeago, mutikoak oharkabean gainetik pasa zuen puntuan, luma zuri batzuk eta odol tantek frogatu zioten beldur zena gertatu zela.

Alperrikakoa izan zen ezkerrak eta eskuinak miatzea.

Eguraldiak ere ez zien epe gehiagorik eman, erasoa buru gainean bait zeukaten.

Gau beltza etxera orduko, negar zotinak izkutatu nahirik semea (bietatik zaharrena eta mutikoa bait zen), biharamunean egunak argituko zuela eta ondo aski astinduko zituztela bazterrak esanaz elkar animatzen zuten sukalde zokoan.

Amonak ondo zekien lar tarte hartan galtzen zirela oiloa bizirik aurkitzeko itxaropen guztiak.

Eta zer? Biziak aurrera jarraitzen zuen.

Bere hirurogeita hamazazpi urtetan gisako kinlarrai franko pasiak zituen emakumeak, eta zutik zirauen oraindik.

Eta zutik nahi ere!.

- Ez dugu bizirik aurkituko; ez dezagun amets zororik egin - amonak aitortu zien, neska-mutikoak hasi behar bait zuten biziak dituen errealitate garratzei aurre egiten.

Baina elkarri lagunduz, emanen diogu honi ere buelta.

Bai, horixe! Ikusiko!!.

Irrimurrika maitakor bat ezpainetan ederki kostatakoa, eta zer eta kantari jardun zitzaien amona bilobei:.